XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lizarra-Garaziko sinatzaileek hitz propia har dezala eskatu diote Parisi

Madrilek frantziar Gobernuaren subiranotasuna ezeztatu duela adierazi zuten atzo

Lizarra-Garazi Akordioa Ipar Euskal Herrian sinatu duten talde politiko, sindikatu eta elkarteek frantziar Gobernuaren jokaera salatu zuten atzo Baionan, Ipar Euskal Herrian burutzear dagoen gizarteratze kanpaina aurkezteko antolaturiko prentsaurrekoan.

Hauen ustez, Parisen jokaera Madrilen erabakitakoaren araberakoa da, humilki jarraitzen dio eta ez du hitz propiorik hartzen.

Hala ere, euskal gizarteak azken hilabeteotan gauzatu dituen elkarlanerako abiapuntuak baikortasuna ekarri dute.

Presoen Koordinaketa, Gazteriak, Euskal Herriko CDDH, EPSK, Hautetsi Abertzaleak, Herriarekin, CAR Ahaideak, ELB, EAJ, EA, Anai Artea eta AB dira Lizarra-Garazi Akordioa Ipar Euskal Herrian sinatu duten talde politiko, sindikatu eta elkarteak.

Hauen ordezkaritza batek hemendik aurrera Ipar Euskal Herrian burutuko den gizarteratze kanpaina aurkeztu zuen atzo Baionan.

Akordioak egoera berri bat ireki duela esan eta espainiar eta frantziar Gobernuek erakutsi duten jarrera itxia gogor kritikatu zuten sinatzaileek.

Irailaren 12an eta urriaren 2tik hona, elkar lanerako ate franko ireki da, eta baikor izateko ekimen asko gauzatu dira, agertu zuen ABko Jakes Bortairuk.

Hauen artean, Bai Euskarari! kanpaina, Bilbon presoen aldeko manifestazio erraldoia, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gobernu autonomikoaren osaketa eta Iruñean buruturiko Hautetsien Biltzarra aipatu zituen.

Ipar Euskal Herriari dagokionez, Bortairuk urtarrilean gauzaturiko manifestazioa gogoratu zuen.

Ipar Euskal Herriak inoiz ikusi ez duen euskararen ofizialtasunaren eta euskal departamenduaren aldeko manifestazioa izan genuen eta hori elkarlanaren adierazgarria da, zehaztu zuen.

Mesprezua eta errepresioa

Sinatzaileek, sorturiko egoera politiko berriaren alde positiboak zerrendatu eta alde ezkorren artean Paris eta Madrilgo gobernuen jarrera gogoratu zuen Bortairuk.

Frantziar Gobernuak mesprezua eta errepresioarekin bakarrik erantzun du. Gainera, esan behar dugu Parisko Gobernuak humilki segitzen dituela Madrilgo Gobernuaren aginduak. Frantziar Estatuak ez du hitz propiorik, gaineratu zuen.

Sinatzaileen ustez Lionel Jospinen Gobernuak munduan rol garrantzitsua jokatu nahi du, baina bere lurraldean gertatzen denari ez dio kasurik egiten. Horrek desoreka sortzen du.

Bortairuk eremu horretan kokatu zituen Parisko Gobernuak azken hilabeteotan hartutako erabakiak.

Duela zenbait aste kanporatze bat gertatu zen eta gehiago izateko arriskua dago. Guigou Justizia ministroak egindako adierazpenak ere Gobernuak jarraituriko itxiera politikaren froga dira.

Chevenement Barne ministroak departamenduari buruz jaurti zituen hitzak ez zituen Bortairuk ahaztu.

Argumentu beldurgarriak erabili zituen, balkanizazio eta horrelako espresioekin. Honek guztiak itxaropentsua den egoera politikoa larritu besterik ez du egiten. Franziar Gobernuak ez du iniziatiba propioak gauzatzeko gaitasunik, berretsi zuen.

Mertxe Colina talde bereko kideak frantziar Gobernuak Estatu espainiarrarekin izandako kolaborazioa gogoratu eta GALek lurralde honetan eragindako 27 erailketak azpimarratu zituen.

Orain arte Estatu frantziarrak ezeztatu egin du Euskal Herriaren lurraldetasuna, administrazio propioa eta euskararen ofizialtasuna, euskal gatazkan duen inplikazioa sahiestuz. Eta horrez gain Espainiako Gobernuarekin kolaboratu du errepresioaren bidez azaldu zuen Parisen izan diren azken atxiloketak mahaigaineratuz.

Frantziar Gobernuaren jarrera aldarazteko guztion laguntza premiazkoa dela adierazi eta Frantzia ez dadila Espainiaren txotxongiloa izan eskatu zuen Colinak.

Gizarteratze kanpainari dagokionez, apirilaren 9an bilkura publiko bat ospatuko dute sinatzaileek Donibane Garaziko Izpura aretoan.

Hiru egun geroago Hego Euskal Herrian burutuko den lan etenaldia Ipar Euskal Herriko bestelako eran gauzatuko dela aurreratu zuten.

Eguerditik aitzin suprefeturan biltzeko deialdia luzatuko dugu eta apirilaren 10ean Bilbon egingo den manifestazioara joan ahal izateko autobusak antolatuko ditugu azaldu zuten.